martes, 14 de enero de 2014

SPrako tranbia (2001)

Unai Elorriagaren lehen eleberriak Espainiako Narratiba saria jaso zuen. Nobela itzela da. Samurra, arina, sentibera, alaia, primeran josia, zirrikiturik gabea. Bere pertsonaien bizitza arruntak literatura bizi bilakatu zituen idazleak.
Lucas, agure protagonistaren erotze-prozesua idazkera liluragarriz erakusten du. Bere gaixotasunaren gordintasuna baikortasun guztiz islatzen du Unai Elorriagak. Bizitzaren azken txanpan, nahiz eta heriotz-prozesuan murgiduta egon, azaleko poro guztietatik bizitza arnasten du liburu honek. Hiltzea, azken finean, bizitzearen amaierako aldia da, bizi dezagun maitasunez, egiarekin eta duintasunez zipriztinduta. Hauxe da bere mezua nire ustez, idazlearen filosofia ibiltaria.
Lucas, Maria arrebarekin bizi da eta Marcos kaleko musikari gaztea etxean hartzen dute. Marcos eta Lucasek adiskidetasun harreman estu bezain egiazalea garatzen dute: telebista elkarrekin ikusten dute, Lucasen zortzimilako mendiekiko pasioa konpartitzen dute... Egun batean, esaterako, Marcos lan egitera joan zenean, Lucasek Marcosi inguruko kaleetan jotzeko eskatu zion. Lucasek atsegin zuen kantua hasi zen jotzen, Lucas pozez zoratzen edukitzearren.
Istorioa abileziaz zatikatzen da. Narratzaile ugari daude, denboran atzera eta aurrera orekaz eginez. Izan ere, medikuak Lucasi burua gutxinaka galtzeko ariketa bezala gauza ezberdinak idazteko agintzen baitio: etxeko sits maitearekin dituen elkarrizketak (errealismo magiko latinoamerikarraren eragina nabaria da) plazaratzen ditu, Rosa bere emazte kuttuna zenaren oroitzapenak daude, mendiak, Matias lagun mina eta Angel anaiaren pasadizoak, besteak beste. Aldi berean Mariak ipuin bat idazten du bere txikitako gertaera bitxiei eta gurasoei buruz, batez ere.
Tartean, gogoeta paregabeak tartekatzen ditu Elorriagak: "Kalkulu gehienak teorikoak dira, ordea, izorratzen diren igogoailuak edo hanka garbiko hipopotamoak bezala. Halako batean, kalkulatuta ez zegoen zerbait gertatzen da: Amaitu Ezin Dugun Koadro bat egiten hasten gara edo, are gehiago, Amaitzea Ezinezkoa Den Koadro bat. Edota aurreikusita ez genuen zirria egiten digu Marcosek, ezagutzen ez genuen azal-tolesdura batean.
Krisi txiki bat hasten da orduan, kalkulu guztiak faltsuak direla pentsatzeraino eramaten gaituena. Baina berehala baretzen gara eta salbuespen horiek ere (Koadro Bukaezina, Marcos) sistematizatu egiten ditugu eta geure kalkulu-programan sartu, Lantzean Behieneko Kuriosidadeak (LBK) atalean.
Eta, pozarren, gure kalkuluak bide onetik doazela ikusten dugunean, ohartzen gara ez zaigula daukagun lana gustatzen, eta esaten digute karrera gurekin ikasitako neska bat hil dela herenegun ospitalean eta oraindik ez dakitela zerk hil duen." (100. orr.)

Bereziki, euskaltegiko azken mailetarako gomendagarria da (B 2.2. - C1). Aekide garen heinean ezin dugu nobela eder hau irakurri gabe utzi! Benetan gozatuko duzue!


No hay comentarios:

Publicar un comentario